XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Besterik ezean, batak bestea deitzen genuen eta denok ere hitz bakanetan erantzun.

Ez zen komeni argi motel dantzari hura isiltasunaren jabe ere egitea.

Begiak eramango zizkigun batera eta bestera; ez, horratio, belarriak estaliko isilez.

Hiru lagunak ni baino ere pasatuago zeudela uste dut.

Neretzat hura, bezperakoa egiazkoa zenaren agiri nabarmena zen, batipat; nere lagunentzat, ordea, gehixeago ere bai, antza, ze hirurak ere berriketara aise emanak izaki eta ez bait zitzaien hiru hitz, elkarren ondoko, zentzu betez ateratzen.

- Aizue esan nien batean, hau luze samar joan hunan atzo eta, gaur ezkuta dadin baino lehen, zergatik ez dinagu Maiderri Joxe beltzak esan diona egiten? Txanoak kokotzeraino sartu, ea....

- Ea, zer...?sinesgogor Estitxuk.

- Argi izpiak koloretan ikusteko ere! Onenean, Erromako zubia agertuko zaigun gauez.

Aduna samurrago jartzen da horrelakoetan eta berak lagundu zidan.

- Goazen probatzera, zer gero...! Hartara mugitu egingo gaitun zertxobait, nik behintzat txanoa motxilan zeukanat eta.

- A, bada, nik ere bai Edurnek bere apartetik, hortxe, zuenaren ondoan.

Baina denak altxatu ezean, ez dun zeru-lurretan ni hemendik aterako nauen espiriturik.

Burua izarapean gordea zuen ezpairik gabe, bere ahotsa ez bait zetorkidan aratz eta garbi; bazuen aurpegian tapakiren bat, bai, gure Edurnetxo gaixoak.

Azkenean, behintzat, Adunak eta bion artean animatu genituen ohetik saltatzera.